XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbait emakume taldetako ordezkariak atzoko Donostiako agerraldian.

Hogeita hiru talde feminista bilduko dira laster, bere arteko harremanak estutzeko

Ezin dugu onartu nazio berria akats zaharrekin, diote agirian

Euskal Herriko hogeita hiru talde feminista bilduko dira igande honetan Gasteizko Filologia fakultatean, bere arteko harremanak estutzeko asmotan.

Lizarra-Garaziko akordioak zabaldutako aro berri barruan kokatu dute taldeok topaketa, eta plazaratutako agiria honela hasten da: Egoera politiko berri honek Euskal Herri berri bat eraikitzeko ateak zabaltzen dizkigu. Emakume bezala iniziatiba eduki behar dugu herri eraikuntzan gure hitza eta erabakia kontutan hartzeko.

Topaketa hau lehengo igandean zen egitekoa, Hazparnen, baina biltzeko arazo batzuk estutzeko direla medio zortzi egun atzeratu zen.

Egizan-en ekimenez hasi ziren azaroan hartu-emanak

Topaketara, honako hogeita hiru taldeotako ordezkariak azalduko dira, gehienez bost lagun talde bakoitzetik.

Emazteek diote (Hazparne); Damixelak (Zaldibia); Egizan; Marie Anbotokue (Durango); Zarauzko Sorginak; Ilargi Erdi emakume taldea (Zestoa); Izarraizpeko Sorginak (Azpeitia); Plazandreok (Donostia); Azkoitiko Emakume Taldea; Aina (Lasarte); Emakaitz (Bilbo); Oreretako Emakume Taldea; Lanbroa (Bilbo); Kriskitinak (Arangoiti); Mushu emakume taldea (Ermua); Iduna (Santutxu); Maritrauski (Deustu); Indautxuko Neskak; Emakume Internazionalistak; Andrea (Iruña); Mandragora (Iruña); Ninika (Laudio); eta Gazte Lesbos (Gasteiz).

Atzo Donostiako udaletxean egindako aurkezpenean esan zutenez, badira lau hilabete zenbait emakume taldetako ordezkariak biltzen hasi zirela, Lizarra-Garazi foroko kide den Egizan taldeak deituta.

Azaroan egin zen lehen bilera eta taldeak bat etorri ziren ideia hauetan: Egun Euskal Herrian bizi dugun une historiko honetan emakumeok ditugun ardura eta erantzukizunei heldu behar diegu; Emakumeok egungo egoera politikoan asko dugu esan, erabaki edota egiteko; Egoera berri honetan pizten zaigun ilusioa, gure eguneroko ekimenean txertatu behar dugu, emakumeon askatasun bidean geu baikara eragile zuzenak, gu geu geure buruaren jabe.

Plazaratu duten agirian esaten dutenez, nazio berri bat eraikitzen ari dira, baina ezin omen dute onartu nazio berria akats zaharrekin.

Tailerrak osatuko dira igandean Gasteizen, gai hauek lantzeko: sozio-ekonomia; sexualitatea; indarkeria sexista; parte-hartzea; eta formazioa, heziketa eta komunikabideak.

Topaketa honetara Iparraldeko talde bat bakarra azalduko da, Hazparneko Emazteek diote delakoa, eta atzo talde honetako ordezkari batek esan zuenez, elgarren ezagutza nahi dugu, ez baikara sobera ezagutzen Hegoalde eta Iparraldea.